vi campeonato pintxos gipuzkoa

Gipuzkoako Pintxo, Banderilla eta Miniaturazko Sukaldaritzaren VI. Txapelketaren finala asteazken honetan, urriak 7, ospatu da Kursaaleko Auditorioan, lehen aldiz, San Sebastian Gastronomika Euskadi Basque Countryko programazio ofizialean. Jardunaldiak sektoreko profesionalak, erakundeetako ordezkariak eta Gipuzkoako ostalaritzako eragileak bildu ditu seigarren edizio honetan parte hartu duten establezimenduen sormenari, talentuari eta berrikuntzari balioa emateko. Izan ere, pintxoaren kulturaren erakusleiho handienetako bat da azoka, lurraldeko nortasun gastronomikoaren funtsezko elementua.

Sukaldaritzako espezialistek, kazetariek eta sektoreko ordezkariek osatutako epaimahaiak lehiaketako bi sari nagusiak eman ditu: 2026ko Gipuzkoako Pintxo edo Banderilla Onenaren Saria, Tatapas Gastrotekako Nigiri Txistulari proposamenari, eta 2026ko Gipuzkoako Miniaturazko Sukaldaritza Proposamen Onenaren Saria, Atari Gastrotekako Pochas con Kokotxa proposamenari. Bigarren sariak Cafetería Naroak irabazi jaso du Txipiroa proposamenarekin eta Karlos Arguiñanok Marea Baja/Marmitako lanarekin. Horrez gain, epaimahaiak Marea Baja / Marmitako (Karlos Arguiñano) izendatu du Gipuzkoako ordezkari Madril Fusioko Pintxo eta Tapen Txapelketan.

Ekitaldian Mikel Ubarrechena Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko presidenteak parte hartu du eta proposamen bakoitzaren atzean dagoen lana azpimarratu du: “Pintxoak txikia dirudi. Atzean dagoen lana ez da nolanahikoa “. “Txapelketa hau horretarako dago: lan horri balioa emateko eta ondo egiten duenak erakusteko leku bat izan dezan”, adierazi du. Ubarrechenak gogorarazi duenez, “txapelketa batek indarra du profesional askok euren proposamenik onena jokoan badute bakarrik”, eta aurten ere “parte hartzea gainditu dugu”. Eta Gastronomikaren etorrera “txapelketa honek bere sei edizioetan eman duen jauzi handiena” bezala kokatu du.

Bestalde, Clara Navas Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza zuzendariak azpimarratu duenez, “txapelketa hau dagoeneko hitzordu sendoa da Gipuzkoako egutegi gastronomikoan, eta gure lurraldean dagoen talentuaren erakusgarri bikaina. Pintxoa gure nortasun gastronomikoaren parte da, eta turismo-aurkezpeneko gure kartarik onenetakoa ere bada: produktua biltzeko gai diren elaborazio txikiak, ezagutza, sormena eta gastronomia ulertzeko oso modu berezia. Horrelako ekitaldiek gure profesionalen lana aintzatesten, ostalaritza bultzatzen eta Gipuzkoako gastronomiaren kalitatea proiektatzen laguntzen dute. Erakundeok konpromisoa hartu dugu Euskadi erreferentziazko helmuga gastronomiko bihurtzen duten eta gure gastronomiak eboluzionatzen eta proposamen berriak sortzen jarrai dezan laguntzen duten ekimenak babesten jarraitzeko “.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Azahara Dominguezek nabarmendu duenez, “hemen erakutsitako maila, beste behin ere, gorena izan da, eta horrek erakusten digu gure gastronomiak etorkizun izugarria duela aurretik, eta belaunaldiz belaunaldi gainditzen ari dela”.

Jardunaldia amaitzeko, networking gune bat antolatu dute Mukan. Bertan, parte-hartzaileek, epaimahaiak eta gonbidatuek edizio honetan erakutsitako maila ospatu ahal izan dute. Final berri honekin, eta San Sebastián Gastronomika Euskadi Basque Countryn sartzearekin, Gipuzkoako Ostalaritzak pintxoaren kulturaren sustapenarekin eta Gipuzkoaren ospe gastronomikoari eusten dion talentu profesionalaren bultzadarekin duen konpromisoa berresten du.