ostatu gipuzkoa gastronomika

San Sebastian Gastronomikan aurkeztutako argitalpenak lurraldea bertako ostatuen, gastronomiaren eta harrera egiteko moduaren bidez ezagutzeko aukera eskaintzen du

Gipuzkoako herrien aberastasuna eta bertako ostalaritza-establezimenduen nortasuna ezagutarazteko tresna berria da Ostatuen Gida eta Turismo Sarea. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak sustatu du proiektua, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen laguntzarekin. Urriaren 6an aurkeztu zuten, San Sebastian Gastronomikaren barruan.

Gipuzkoako Ostatu Sarearen baitan sortu da ekimena. Sareak herri bakoitzaren izaera eta nortasuna islatzen dituzten establezimenduak biltzen ditu, eta tokiko bizitzari eusten laguntzen du. Ostalaritzaren, gastronomiaren eta herritarrekiko harremanaren bidez, ostatuek Gipuzkoa bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen dute.

Azahara Domínguez diputatuak ostatu horien garrantzia nabarmendu zuen, Gipuzkoa ulertzeko eta sentitzeko ezinbestekoak direla adierazita. Eguneroko topaguneak eta harrera-lekuak dira, komunitateko loturak sendotzen dituztenak eta munduko beste inon aurkitzen ez den berezitasuna dutenak, haren esanetan. Herriek bizirik jarrai dezaten funtsezkoak direla ere azpimarratu zuen, eta lurraldea zaintzeak herri txikiei eta bertan bizi eta lan egiten dutenei ere erreparatzea esan nahi duela gogorarazi zuen.

Libe Otegui Turismo zuzendariak gidaren edukiak azaldu zituen. Landa-gastronomiatik abiatzen da, «dena hasi zen lekutik», baina bestelako edukiak ere jasotzen ditu: azokak, jatorri-deiturak eta azoka eta jaietako egutegia, besteak beste. Lehen edizio honetan, lurraldeko hainbat ostatu bildu dituzte.

Ostatuekin batera eraikitako proiektua

Ostatuak topagune izateaz gain, herrietako eguneroko bizitzaren parte dira. Herri bakoitzaren historia, ohiturak eta harremanak ulertzeko ezinbestekoak dira. Horregatik, proiektua elkarrizketan eta elkarlanean oinarrituta garatu dutela azaldu zuen Ane Ruiz Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko zuzendari exekutiboak: «Ez genuen ostatuentzat proiektu bat egin nahi, ostatuekin batera baizik». Elkartea establezimenduekin elkartu zen, haien ezaugarri eta balio bereizgarriak elkarrekin identifikatu eta nabarmentzeko.

Ruizek Sarearen logotipoa ere aurkeztu zuen: ate bat eta, aldi berean, mahaiak irudikatzen ditu. Irudi horren bidez, gonbita egin zien herritarrei eta bisitariei atea ireki, mahaiaren bueltan eseri eta ostatuen arduradunekin hitz egiteko.

Bi ostatu, bi istorio

Laura Chamorrok gidatu zuen aurkezpen-ekitaldia, Tabernas y Parrillas gunean. Leaburuko eta Zeraingo ostatuetako ordezkariek ere parte hartu zuten, eta bakoitzak bere pintxoa aurkeztu zuen.

Koldo Butrónek Leaburuko ostatuaren lana azaldu zuen: laneratzea sustatzeko bokazioa du establezimenduak, eta herrian beti sentitu izan dira ongi hartuta. Harekin batera izan zen Mohamed Boujadanni, hamabost urte baitaramatza bertan lanean. Biek batera, Marokoko ogiz egindako pintxo bat aurkeztu zuten, barazkiz eta bakailaoz betea eta espeziekin ontzatua.

Aiert Izagirrek, Zeraingo Ostatuaren izenean, gidako ostatu guztien ordezkari gisa hitz egin zuen. Zerainen 285 biztanle bizi direla gogorarazi zuen, eta herriko ostatuak 1711ko ziega bat duela azaldu. Bertaratutakoen arreta bereganatu zuen arkume gisatuarekin eta piperrekin prestatutako pintxoak.

Gida urrats bat gehiago da ostatu horiei ikusgarritasuna emateko eta lurraldeko turismo-eskaintzan duten lekua indartzeko. Gipuzkoa gertutik eta benetakotasunez ezagutzeko gonbita egiten du, ostalaritzaren hurbiltasuna eta abegikortasuna ardatz hartuta, herri bakoitza berezi egiten duten ezaugarriak agerian utziz.

Atea zabalik, mahaia prest. Gipuzkoaren benetako izaera ezagutzeko gonbita, bertako herrien, mahaien eta horiek berezi egiten dituzten pertsonen bidez.