CADA BOCADO CUENTA

Gipuzkoako zazpi eskualdeetako ostalaritza-establezimenduetara iritsiko da ekimena, bezeroei gomendio praktikoak eskaintzen dizkieten QR kodea duten euskarrien bidez

Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuarekin elkarlanean, «Gutxiago xahutu, gehiago aprobetxatu» kanpaina jarri du abian, lurraldeko ostalaritza-establezimenduetan elikagaiak alferrik galtzea murrizteko bezeroak sentsibilizatzea helburu duen ekimena.

Kanpaina abiapuntuko datu batek bultzatu du: Gipuzkoan 127.000 tona elikagai baino gehiago xahutzen dira urtero. Egoera horren aurrean, ekimenak bezeroak egunerokoan ohitura txikiak hartzera bultzatu nahi ditu, hala nola eskatu aurretik kantitateak ondo neurtzea, platerak partekatzea edo soberakinak etxera eramatea, ostalaritza-establezimenduetako kontsumoa murriztu beharrik gabe.

Ane Ruiz Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko zuzendari exekutiboak adierazi duenez, «Gipuzkoako Ostalaritza Elkartean uste dugu elikagaiak alferrik galtzea saihestea ostalaritzako edozein negozioren eguneroko kudeaketaren parte dela. Kanpaina honen bidez, mezu hori bezeroei helarazteko tresna erraz bat eskaintzen diegu establezimenduei».

José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko foru diputatuak, bestalde, ohartarazi duenez, «ezin dugu normaltzat jo Gipuzkoan urtero 127.000 tona elikagai baino gehiago alferrik galtzea. Ingurumenari, ekonomiari eta gizarteari eragiten dien arazo baten aurrean gaude». Ildo horretan, Asensiok azpimarratu du garrantzitsua dela bai ostalaritza-sektorea bai herritarrak inplikatzea. «Elikagaiak alferrik galtzea saihestea guztion ardura da. Eta, askotan, gure esku dago hori egitea, keinu errazak eginez: benetan jango duguna eskatzea, platerak partekatzea edo soberakinak etxera eramatea, esaterako. Kanpaina honen bidez, herritarrak sentsibilizatu, ohitura-aldaketa txiki horiek erraztu eta Gipuzkoako ostalaritzarekin batera kontsumo-eredu arduratsuago eta jasangarriago baterantz aurrera egin nahi dugu», adierazi du.

Kanpaina zazpi eskualdeetako ostalaritza-establezimenduetan banatuko diren 500 egurrezko mahai-euskarriren bidez zabalduko da. Euskarriek kanpainaren irudia eta QR kode bat izango dituzte. Kode horren bidez, elikagaiak alferrik galtzea saihesteko gomendio praktikoak biltzen dituen webgunera iritsi ahal izango da: https://www.hosteleriagipuzkoa.com/eu/ostalaritza-jasangarria/gutxiago-xahutu-gehiago-aprobetxatu/.

Kanpaina Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak jasangarritasunaren arloan duten lankidetza-hitzarmenaren barruan kokatzen da.