Cebanc-ek, Gipuzkoako Goi Mailako Ostalaritza Eskolak, eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak sektorea indartzen, posizioa hobetzen eta prestigioa ematen jarraitzeko apustua irudikatu dute gaur goizean elkarrekin antolatu duten prentsaurrekoan, “beti ere formazioa oinarri hartuta”. Prentsaurrekoan bi elkarteko ordezkariek sektoreko langileak formatzen jarraitzeko garrantzia azpimarratu dute “Gipuzkoan 24.204 lanpostu sortzen dituen sektorea indartzeko”.

Cebanc-ek eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak indarrak batu eta hitzarmena sinatu dute lurraldeko ostalaritza sektorea indartzen, posizionamendua hobetzen eta prestigioa ematen jarraitzeko “beti ere formazio oinarri hartuta”. Ostalaritzarena indarrean dagoen sektorea dela nabarmendu dute prentsaurrekoan Paloma Enríquezek eta Kino Martinezek, hurrenez hurren Cebanc-eko zuzendariak eta Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusiak.

Idazkari nagusiak eman ditun datuen artean, egun Gipuzkoan ostalaritza sektorean aritzen den langile kopurua nabarmendu behar da; 24.204 lanpostu zuzen sortzen baititu sektoreak. Urrutira joan gabe, 2022 urtean ostalaritzan 600 kontratu berri sinatu ziren eta ostalaritza sektorea Gipuzkoako Barne Produktu Gordinari ekarpen handienetarikoa egiten dion sektoreen artean dago (BPGaren %4,8ª).

Gainera, kalitatezko turismoa erakartzeko Gipuzkoak duen aktibo nagusienetarikoa da. Izan ere, lurraldea bisitatzera etortzeko arrazoien artean dago eskaintza gastronomikoa (Estatuko turismo gastronomikoaren eskariari buruzko II. Azterlanaren arabera, Gipuzkoa 2. postuan dago probintzien rankingean).

Donostian bakarrik, mahai gainean beste adibide bat jartzearren, 2022 urtean Udalak 1.600.000 euro jaso zituen terraza-tasa kontzeptua tarteko.

Kino Martinezek, bestalde, eskaintzen duten kalitatearen eta langileen formazioa balorean jarri du. “Guretzako ezinbestekoa da langile kualifikatuak kontratatzea. Zentzu honetan, Cebanc bezalako Goi Mailako Eskolarekin sinatu dugun hitzarmena altxorra da guretzako, batez ere bertako formazio baloreekin bat egiten dugulako. Guretzako albiste oso ona da hitzarmena sinatzea langileen formazioan elkarren eskutik joatea ahalbideratzen digulako”.

Paloma Enríquez Cebanc-eko zuzendaria ere pozik agertu da Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin hitzarmena aurkezteko prentsaurrekoan. “Gure betebehar nagusia ikasleak prestatzea da, eta, era berean, lan merkatuan txertatzea. Hitzarmen honekin ate bat zabaltzen zaigu, are gehiago, gure exijentzia maila areagotzera behartzen gaitu, eta, ondorioz, ikasleei formazio hobea ematea. Eta hori gutxi balitz, aukera ematen digu kalitatezko enplegu duin batera bideratzeko”.

Gipuzkoako Goi Mailako Eskolak iaz 200 lanpostu betetzeko eskaintza jaso zuela argitu du Paloma Enríquezek. “Honek zer esan nahi du? Eskaintza eskaera baino handiagoa dela, edo, beste modu batera esanda, iaz formazio prozesua amaitu zuen ikasle bakoitzeko bi lan eskaintza jaso genituela”.

Cebanc-en ikasketak amaitzen dituzten pertsonen artean lana lortzeko erraztasuna nabarmendu du zuzendariak. “Ikastetxetik irteten diren ikasleen artean, hamarretik bederatzik lana lortzen du ostalaritza sektorean; oso kopuru altua da, baina garrantzitsuagoa da ostalarien asebetetze maila, gure ikasleen artean gehienek lanpostuan beharrezkoa den gaitasun maila baieztatzen dutelako”.

Cebanc-ek 47 urteko ibilbidea osatu du eta egun goi mailako zikloak, ziklo ertainak eta espezializazioak eskaintzen ditu. Sukalde-zuzendaritza eta Turismo Ostatuen Kudeaketa; sukaldaritza edo okindegi, gozogintza eta konfiteria; edo produktu freskoen espezializazioa dira, besteak beste, gure ikasleei eskaintzen dizkiegun lan-merkaturako irteerak. Gutxi asko, urtero 120 ikasle dauzkagu eta Andoni Aduriz, David de Jorge edo Ruben Trincado bezalako sukaldaria atera dira bertatik. Gainera, profesionaltasun- ziurtagiridun 11 ikastaro baino gehiago ematen dira urtean, sukaldaritzan, zerbitzuan eta hoteletan. Ikastaro horietan 165 pertsona inguru matrikulatzen dira urtero.

Atzerritartasun Legea

Prentsaurrekoa bukatu aurretik Palomak eta Kinok Atzerritartasun Lege Berriak ekarri dituen aldaketen inguruko hausnarketa egin dute, sektoreak ari de langileen % 26 atzerritarrak direla kontuan hartuta egindako irakurketa. Kino Martinezen hitzetan, “lege berriarekin joko-arauak aldatu egin dira; orain errazagoa da bizileku edo lan baimenak lortzea. Horren eraginez, atzerriko langile hauek dokumentazioa araututa daukate eta kontratuak sinatzeko garaian ez daukagu aparteko arazorik”.

Paloma Enríquezek, bere aldetik, adierazi du aldaketak onerako izan direla Ostalaritza Eskolan. “Orain, formazioa eskaintzeaz gain, gure atzerriko ikasleak lan-merkatuan txertatzeko erraztasun gehiago daukagu. Eta egoera honek, batez ere, ostalaritza sektoreari egiten dio mesede, sektorea indartzen eta prestigioa ematen ahalbideratzen duelako”.