
Joan den ekainaren 5ean, Migrazio eta Asilo Euskal Foroaren lan-batzordea Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko ordezkariekin bildu zen elkartearen egoitzan.
Foroa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren mendeko kide anitzeko kontsulta-organoa da. Topaketa horren helburua Eskolanbide proiektuaren edukiak zuzenean ezagutzea izan zen. Proiektu hori 2023an garatu zuen Elkarteak, Lanbideren eta Donostia Sustapena Sozietatearen laguntzarekin, egoera irregularrean zeuden etorkinen administrazio-erregularizazioa errazteko, Prestakuntzarako Errotzearen formularen bidez.
Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko taldeak jardunaldian Grupo CEI-ko profesionalen eta Gobernuaren Ordezkariordetzako Atzerritartasun Zerbitzuaren laguntza izan zuen, eta Eskolanbideren alderdi nagusiak zehaztu zituen. Eskolanbide proiektu aitzindaria eta berritzailea da laneratzearen arloan, bai bere egitura integralagatik, bai parte-hartzaileen enplegagarritasunari dagokionez lortutako emaitzengatik. Hain zuzen ere, izaera berritzaile hori aitortu du Euskal Enplegu Zerbitzuak berak prestakuntzarako errotze-proiektuak sustatzeko dirulaguntzen azken deialdian, zioen azalpenean honako hau adierazi baitu: “Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua lankidetzan aritu da Gipuzkoako Ostalaritzako Enpresarien Elkartearekin esperientzia pilotu berri batean… 30 parte-hartzaileren gizarteratzea eta laneratzea erraztu duena… Esperientzia pilotu honek nahikoa informazio kuantitatibo eta kualitatibo eman du deialdi hau antolatzeko… Hain zuzen ere, lortutako emaitzak… oso modu positiboan baloratu dituzte esku hartu duten eragile guztiek “
Etorkinak gizarteratzea eta laneratzea funtsezko faktorea da Euskadiko lan-merkatuan
Migrazio eta Asilorako Euskal Foroa 49 kidez osatutako kontsulta-organoa da, eta sindikatuetako, unibertsitatetako, hirugarren sektoreko erakundeetako, enpresaburu eta administrazio publikotako ordezkariek osatzen dute. Haren helburu nagusia immigrazio-politika aktiboak eta integralak garatzen laguntzea da, gizarteratzean eta laneratzean oinarrituta. Foroko kideek Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea zoriondu zuten arazo honi aurre egitean erakutsitako sormenagatik eta Eskolanbiderekin lortutako emaitza bikainengatik.
Gipuzkoako ostalaritza-sektoreko langile etorkinen kopuruak etengabe egin du gora azken 20 urteetan, eta dagoeneko enplegatutako eskulan osoaren % 30 inguru dira. Ehuneko horren arabera, ostalaritza da immigraziorako lehen enplegu-gunea, eta, besteak beste, industria-, merkataritza- edo garraio-sektoreetako zifrak bikoizten ditu.
Eskolanbide programa, Adsis Fundazioarekin elkarlanean gaur egun Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak garatzen duen programa eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren finantzaketa 2021. urtearen amaieratik Elkartea garatzen ari den enplegu-estrategiaren barruan kokatzen dira, lan-merkatuko tentsioak murrizteko helburuarekin. Estrategia horren barruan sartzen dira, besteak beste, oraintsu argitaratu den enplegu-ataria: www.hostelan.com, langileak kontratatzeko prozesuak errazteko tresna.