
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bederatzi establezimendu lehiatu dira CEBANCen jokatutako finalean. Jardunaldiari amaiera emateko, Areto Zerbitzuari buruzko “Aretoko Elkarrizketak” topaketa ospatu da, lanbidearen erronkak eta etorkizuna aztertzeko helburuarekin
Victor Montes jatetxea izan da Euskadiko Jatetxe Arloko Zerbitzuen V. Txapelketako irabazlea. Finala astelehen honetan jokatu da, Donostiako CEBANCen, eta bigarren postuan Karmine. Hiru lurralde historikoetako bederatzi establezimenduk hartu dute parte, jatetxeetako areto zerbitzuko profesionalen trebetasunak proban jarri eta haien lana aitortzea helburu izan duen jardunaldian.
Goizean zehar, parte-hartzaileek areto zerbitzuko ohiko lanekin lotutako bost proba praktiko egin behar izan dituzte: mahai bat prestatzean egindako akatsak antzeman, espresso bat eta kafesne bat prestatu, garagardoa behar bezala atera, arrain bati hezurrak kendu eta hura aurkeztu, eta steak tartar bat prestatu. Proba horietan lortutako puntuazioa aurrez egindako ezagutza-probaren eta bezero misteriotsuen bisiten emaitzei gehitu zaie. Guztira, 100 puntu izan dira jokoan, eta horien arabera erabaki da azken sailkapena.
Probak amaituta, parte-hartzaileak, antolatzaileak eta bertaratutakoak koktel baten bueltan elkartu dira, sari-banaketaren aurretik. Ekitaldian hitza hartu dute Luis Cebriánek, SEA Arabako Enpresak elkarteko Sektore, Laguntza eta Berrikuntza arloko arduradunak, eta Clara Navasek, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak.
«Areto zerbitzuko profesionalek, zerbitzariek, sommelierrek eta bezeroekin harreman zuzena duten langile guztiek ezinbesteko zeregina dute. Haiek helarazten diete mahaikideei sukaldean egiten den lana eta bertako sormena. Haiek ematen dituzte azalpenak, aholkuak eta gomendioak, eta haiei esker iristen da proposamen gastronomiko bakoitza mahaira ahalik eta baldintzarik onenetan», nabarmendu du Luis Cebriánek.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendari Clara Navasek nabarmendu duenez, txapelketa hau bezalako ekimenak garrantzitsuak dira areto-zerbitzuan lan egiten duten profesionalen talentua, profesionaltasuna eta prestakuntza aitortzeko, haien lana ezinbestekoa baita ostalaritzako esperientzian. «Gure gastronomiaren kalitatea ez da sukaldean egiten denaren arabera soilik neurtzen. Areto-zerbitzua, bezeroei ematen zaien arreta, produktuen ezagutza eta gure kultura gastronomikoa transmititzeko gaitasuna ere funtsezkoak dira. Zerbitzu on bakoitzaren atzean profesionalak daude, eta merezi dute haien lana ikusaraztea, aitortzea eta profesionalki hazten jarraitzeko aukerak izatea», adierazi du.
Era berean, azpimarratu duenez, «ostalaritzak talentua erakarri eta sektorean mantentzea lortu behar du. Horretarako, ezinbestekoa da sektoreko lanbideei balioa ematea, prestakuntza sustatzea eta esperientziak, ezagutzak eta jardunbide egokiak partekatzeko topaguneak sortzea. Txapelketa honek agerian uzten du areto-zerbitzua espezializazioa eta prestakuntza handia eskatzen dituen lanbidea dela, eta funtsezko zeregina duela bisitatzen gaituztenen gogobetetzean».
“Aretoko Elkarrizketak”: lanbidearen erronkak eta etorkizuna hizpide
Txapelketaren ostean, “Aretoko Elkarrizketak” topaketa egin da. Lehen aldiz antolatu da ekimena txapelketaren barruan, eta Oraitz García kazetari gastronomikoa arduratu da saioa gidatzeaz.
Topaketa Javier Gil Jarének, Gaytán jatetxeko zuzendariak eta 2026ko Urteko Zerbitzariaren Lehiaketa Nazionaleko irabazleak, eskainitako hitzaldiarekin hasi da. «Areto zerbitzuko taldeak gidatzea eskakizun handiko inguruneetan» izenburupean, lidergo-ereduak aldatzearen alde egin du, lanbidearen eskakizunak konfiantzarekin, prestakuntzarekin eta talentuaren garapenarekin uztartzeko.
Ondoren, Jone Royok, BAYA Talent enpresako Bezeroaren Esperientziaren arduradunak; Lara Martínek, Bilboko Mina jatetxeko gerente eta areto-buruak; eta Silvia Tobalinak, Gasteizko Andere jatetxeko gerente eta areto-buruak, mahai-inguru batean parte hartu dute, «Areto zerbitzuaren bilakaera: ikusezina izatetik esperientziaren erdigune izatera» izenburupean. Solasaldian, bezeroen itxaropenak nola aldatu diren, gero eta arreta pertsonalizatuagoa eskaintzearen garrantzia eta profesionalak erakartzeko eta haiei eusteko zailtasunak izan dituzte hizpide.
Topaketari amaiera emateko, TOBeko Javier Navarro Dolsek hartu du hitza, «Zerbitzuak kontakizuna eraikitzen duenean, joerak sustatu eta salmentak handitzen dira» izeneko hitzaldiarekin. Kontsumo-ohituren aldaketek ostalaritzari eskaintzen dizkioten negozio-aukerak izan ditu hizpide. Bere hitzaldian, aretoko langileek bezeroen gustuak eta beharrak ezagutzeko, eskaintza egokitzeko eta gomendio pertsonalizatuak egiteko duten garrantzia nabarmendu du, horrek bezeroen esperientzia hobetzeaz gain, salmentak handitzen ere laguntzen baitu.
Topaketan agerian geratu da aretoko zerbitzuaren etorkizunerako funtsezkoak izango direla lantaldeen profesionalizazioa, etengabeko prestakuntza eta bezeroen behar eta eskaera berrietara egokitzeko gaitasuna. Hizlariek nabarmendu dute aretoko zerbitzuak berebiziko garrantzia duela, ez bakarrik esperientzia gastronomikoan, baita establezimenduen lehiakortasunean ere. Testuinguru horretan, sektorearen erronka nagusien artean daude talentua erakartzea eta bertan mantentzea, pertsonak aintzat hartzen dituzten lidergo-ereduak sustatzea eta ezagutza teknikoa arreta hurbil eta pertsonalizatuarekin uztartzea.
Ekimen honekin, Euskadiko Jatetxe Arloko Zerbitzuen V. Txapelketa lehiaketatik harago zabaldu da, eta jatetxeetako areto zerbitzuko profesionalek euskal gastronomiaren kalitatean eta ospean duten garrantzia aitortzeko helburua indartu du.




